Bazkideak

Nortegas enpresa liderra da energiaren sektorean, eta berrikuntzarekin eta jasangarritasunarekin duen konpromisoagatik nabarmentzen da. Gas naturalaren banaketa-merkatuan presentzia handiarekin, Nortegas energia-trantsizioaren erreferentea da; izan ere, arreta berezia jartzen du gas berriztagarrietan oinarritutako irtenbideen garapen eta ezarpenean.

Konpainiak etengabe inbertitzen du ikerketan eta garapenean, gas berriztagarrien (biogasa, hidrogenoa eta jatorri berriztagarria duten beste gas batzuk) erabilera sustatzeko. Ikerketa- eta garapen-unitatearen bitartez, Nortegas erregai berri horiek banaketa-sarean integratzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eta teknologiak hobetzen ari da lanean, energiaren sektorea deskarbonizatzen lagunduko duten irtenbide berritzaileak bilatzeko helburuarekin.

Energia garbiagorako trantsizioaren buru izateko asmoz, Nortegasek abangoardiako proiektuetan ere hartzen du parte. Gas berriztagarriak modu efizientean ekoizteko, biltegiratzeko eta banatzeko modu berriak ikertzen dira proiektuotan. Konpainiak epe luzerako balioa sortzea du xede, eta sektoreko hainbat entitate eta eragilerekin aritzen da elkarlanean, jasangarritasuna eta energia-teknologia garbien aurrerapena sustatzearren.

I+G ardatz handi duenez, Nortegas energia-trantsizioa bultzatzeko funtsezko eragile gisa finkatzen ari da; gas berriztagarrien erabilera sustatzen du, eta energia-sistemaren deskarbonizazioaren alde egiten du aktiboki.

www.nortegas.es

1943an sortu zenetik, ABCk fidagarritasun handieneko irtenbideak garatu ditu hainbat aplikaziotarako. Nazioarteko bokazioa eta hazkundea 50eko hamarkadako lehen esportazioekin eta ondorengo hedapen geografikoarekin hasi zen, eta gaur egun 120 herrialdetan baino gehiagotan saltzen du.

Pistoizko konpresoreen munduko erreferentzia bihurtu duen espiritu berarekin, ABCk eboluzionatzen jarraitzen du, baita zerbitzu globalen hornitzaile gisa duen posizioa sendotzen (lantegiak ditu Txinan eta Brasilen, eta zerbitzu-plataforma berriak ireki ditu) eta konpresore indartsuenak eta efizienteenak eskaintzen ere.

ABCk hidrogeno-konpresoreak diseinatu, fabrikatu eta hornitu ditu hidrogenoa ekoizteko, garraiatzeko eta kontsumitzeko dozenaka prozesutarako; balio-kate osoan dago presente. Hainbat bezerok konfiantza dute gugan; izan ere, haien hornidurak estandarizatzean, ABC konpresoreak hartu dituzte barne. Gure esperientziaren eta moldagarritasunaren garrantzia azpimarratzen du horrek.

Harro gaude Hidrogenoaren Euskal Korridorearen (BH2C) parte izateaz —proiektua Petronorrek bultzatu du, EAEren trantsizioa klima-neutraltasunerantz bideratzeko—. Ingurumen Saila BH2C ekimenaren protagonistetako bat da, eta gaur egun Zubietako Ingurumen Guneko hondakin organikoak tratatzeko instalazioan sortutako biogasa eraldatzeko instalazio pilotu baten proiektua du martxan, kalitate handiko hidrogenoa sortu, eta, hura garraio publikoan erabiltzeko.

www.abc-compressors.com

Orkli enpresa liderra da segurtasun termoelektrikoko osagaien eta berokuntza-sistemen fabrikazioan eta merkaturatzean. 1982an sortu zen, eta Ordizian (Gipuzkoa) du egoitza. Espainiako enpresa-talde handienetako eta dibertsifikatuenetako bateko kide da, hain zuzen ere, Mondragon Korporaziokoa.

Jarduera-eremuak

Berokuntza-sistemak eta etxeko ur beroko (EUB) sistemak: Orklik berokuntza eta EUB sistemetarako produktu sorta zabala ekoizten du, balbulak, termostatoak eta erradiadore eta zoru bero-emaileetarako osagaiak barne. Etxeetan energia-efizientzia eta erosotasun handiagoa izateko daude diseinatuta produktuok. Tenperatura modu zehatzean kontrolatzeko eta energia efizienteki erabiltzeko irtenbideak garatzera dago bideratuta enpresa. Horrela, energia-kontsumoa eta CO2 emisioak murrizten dira.

Gas-segurtasuna: gas-sistemetarako segurtasun-osagaien fabrikazioan ere espezializatzen da enpresa. Horren barruan, segurtasun-balbulak eta gas-aparatuen (adibidez, galdara eta berogailuen) funtzionamendu segurua bermatzen duten kontrol-sistemak sartzen dira. Osagai horiek funtsezkoak dira istripuak saihesteko eta gas-sistemek segurtasunez eta eraginkortasunez jarduten dutela ziurtatzeko.

Eguzki-energia: Orklik eguzki-energia termikoko irtenbideak eskaintzen ditu, eta, horien bidez, eguzkiaren energia ura berotzeko eta berokuntzarako erabil daiteke. Sistema horiek jasangarritasunarekin eta karbono-aztarna murriztearekin duten konpromisoaren zati garrantzitsua dira. Enpresak eguzki-kolektoreak eta energia biltegiratzeko sistemak garatzen ditu, eguzki-instalazioen efizientzia eta fidagarritasuna maximizatzeko helburuarekin.

Hidraulika eta errekuntza: enpresak osagai hidraulikoak eta errekuntza-sistemak fabrikatzen ditu, industrian eta etxean erabiltzeko (hainbat erabilera dituzte). Produktu horiek efizienteak eta fidagarriak izateko daude diseinatuta, eta erabiltzen diren sistemen segurtasuna eta errendimendua hobetzen laguntzen dute. Orklik produktuen berrikuntza eta etengabeko hobekuntza ditu ardatz, merkatuaren behar aldakorrak asetzeko.

Berrikuntza eta teknologia

Orklik etengabe inbertitzen du ikerketan, garapenean eta berrikuntzan (I+G+b), teknologiaren abangoardian egon dadin. Enpresak laborategiak eta prestakuntza-taldeak ditu, eta, bertan, produktuek kalitate- eta segurtasun-estandar altuenak betetzen dituztela ziurtatzen da. Gainera, Orklik unibertsitate eta zentro teknologikoekin egiten du lan, irtenbide berriak garatzeko eta daudenak hobetzeko. I+G+Bn egindako inbertsio horri esker, Orklik merkatuaren eskaerei eta araudi zorrotzenei erantzuten dieten produktu berritzaileak eskaini ahal ditu.

Nazioarteko presentzia

Orklik presentzia handia du nazioartean. Fabrikazio-lantegiak ditu Espainian, Txinan, Brasilen eta Italian. Gainera, ordezkaritza- eta eragile-sare bat du bost kontinenteetan, eta horri esker mundu osoko bezeroei ematen die arreta. Hedapen global hori produktuen kalitatearen eta fidagarritasunaren erakusle da. Enpresa merkatu bakoitzaren behar espezifikoetara egokitzen ahalegintzen da; hala bada, bezeroei konponbide pertsonalizatuak eta kalitate handiko arreta-zerbitzua eskaintzen dizkie.

Jasangarritasunarekiko konpromisoa

Jasangarritasuna funtsezko oinarria da Orkliren filosofian. Efizienteak eta seguruak izateaz gain, ingurumena errespetatzen duten produktuak garatzen ahalegintzen da enpresa. Konpromiso horren adibide garbiak dira eguzki-energiako irtenbideak eta berokuntza-sistema efizienteak. Orklik etengabe egiten du lan bere eragiketen eta produktuen ingurumen-inpaktua murrizteko, eta praktika jasangarriak sustatzen ditu balio-kate osoan.

Kultura korporatiboa

Orkli harro dago bere kultura korporatiboaz. Lankidetza, berrikuntza eta bikaintasunarekiko konpromisoa ditu oinarri. Enpresak laneko giro inklusiboa eta motibatzailea sustatzen du, eta langile bakoitzak arrakasta kolektiboa lortzen lagun dezake. Filosofia hori funtsezkoa izan da urteetan zehar hazteko eta arrakasta izateko. Orklik garrantzia ematen dio langileen garapen profesionalari, eta prestakuntza jasotzeko eta enpresaren barruan hazteko aukerak eskaintzen ditu.

Laburbilduz, Orklik segurtasun-osagaiak eta berokuntza-sistemak fabrikatzen ditu, eta ikuspegi sendoa du berrikuntzan, jasangarritasunean eta kalitatean. Munduan duen presentziari eta bikaintasunarekiko konpromisoari esker, erreferentea da bere sektorean.

www.orkli.com

Tubos Reunidos Group munduko erreferentzia da energia-industriarako eta beste industria-aplikazio espezializatu batzuetarako premium soldadurarik gabeko altzairuzko hodien fabrikazioan. 130 urte baino gehiagoko historiarekin, aldaketei aurrea hartzen eta merkatua berritzen eta iraultzen jakin izan du, zerbitzuaren bikaintasuna lehenetsita eta gero eta zorrotzagoa den ingurunera malgutasunez egokituta.

Aldatzeko izan duen gaitasunagatik eta jasangarritasunarekiko konpromisoagatik, funtsezko eragile bihurtu da karbono gutxiko ekonomiarako trantsizioan. Munduko lehen fabrikatzailea da soldadurarik gabeko altzairuzko Net Zero hodi bat ekoizten. Altzairu birziklatuaren, energia berriztagarrien eta bioerregaien bidez lortu du hori.

Altzairutegi propioa du, arku elektrikozko labe batean oinarritua; horrela, neurrira egindako produktuak garatu ditzake, eta fabrikazio-prozesuaren gaineko erabateko kontrola izan dezake, baita kalitate gorena bermatu ere.

Efizientzia maximizatzeko eta ingurumen-inpaktua murrizteko diseinatutako fabrikazio-prozesu bakarrari esker, balio erantsi handiko irtenbide teknologikoak eskaintzen dizkie bezeroei. Soldadurarik gabeko hodi sorta zabala fabrikatzen du: karbonozkoak, aleatuak, aleatu altuak, austenitikoak, duplexak, incoloy eta herdoilgaitzak, 15 mm-tik 711 mm-ra bitarteko diametroekin.

Energia-industria da bere merkatu nagusia, baina sektore estrategikoetako ingeniaritzekin eta ekipamendu-ondasunen fabrikatzaileekin ere egiten du lan. Gainera, bere produktuek gero eta presentzia handiago dute energia garbi emergenteetan, hala nola bioenergian, itsasoko energia eolikoan eta geotermian.

Funtsezko datu teknikoak

  • Altzairutegi propio integratua, arku elektrikoko labearekin
  • Hiru fabrika:
    • Amurrio (Araba)
    • Trápaga (Bizkaia)
    • Houston (AEB)
    • TRPT (Araba)
  • Dimentsio-tartea:
    • Kanpoko diametroa: 15 mm – 711 mm
    • Luzera: 20 metro arte
  • Ekoizpen-ahalmena: 360.000 tona urtean
  • Soldadurarik gabeko altzairuzko hodi:
    • Karbonozkoak
    • Aleatuak
    • Aleatu altuak
    • Austenitikoak
    • Incoloy
    • Herdoilgaitzak

Munduko energia- eta industria-enpresa nagusien bazkide estrategiko gisa, Tubos Reunidos Group-ek etorkizunera begira jarraitzen du, sektore efizienteago, berritzaileago eta jasangarriago bateranzko aldaketaren buru.

www.tubosreunidosgroup.com

Calcinor karearen ekoizpenean liderra da Espainian, eta erreferentziazko enpresa da Europako mineral industrialen sektorean. 50 urte baino gehiagoko esperientzia du. Karetik eta dolomiatik eratorritako produktuak erauzi, eraldatu eta merkaturatzen ditu. Horiek funtsezkoak dira, adibidez, siderurgiarako, eraikuntzarako, kimikarako edo ingurumenaren babeserako.

Konpainiak egunez egun egiten du lan bere prozesu industrialak optimizatzeko, irtenbide berritzaileak garatzeko eta energia-efizientzia hobetuko duten eta ingurumen-inpaktua murriztuko duten teknologia jasangarriak aplikatzeko. Horretarako, lantegi industrialak ditu Europan, Afrikan eta Amerikan, eta produktu espezializatuak ematen dizkie mundu osoko bezeroei.

H2Bidea proiektuaren parte denez, Calcinor ekoizpen-prozesuan hidrogenoa nola txertatu aztertzen ari da. Zehazki, azterketa teoriko bat ari da egiten, hornidura-sistema (hodietatik erregailuetara) egokitze aldera instalazioetan zer aldaketa beharko liratekeen aztertzeko. Helburua energia-trantsizioaren erronka teknikoak ondo ulertzea da, eta, era berean, hidrogenoa modu seguru eta efizientean erabiltzea ahalbidetuko duten irtenbideak proposatzea. Ekimen hori CO₂ emisioak murrizteko eta ekoizpen garbiago baterantz aurrera egiteko estrategiaren parte da.

H2Bidea proiektuan parte hartzeaz gain, hidrogenoa eta jasangarritasuna ardatz dituzten beste berrikuntza-proiektu batzuetan ere hartzen du parte Calcinorrek. Eragile aktiboa da Hidrogenoaren Euskal Korridorearen (BH2C) garapenean, eta hidrogeno berriztagarriaren erabilera bultzatzen du industrian. Azpiproduktu industrialak berreskuratzeko eta berrerabiltzeko ekimenetan ere egiten du lan, ekonomia zirkularraren aldeko apustua eginda. Adibide ona da taldeko GZS enpresa; izan ere, material horiei bigarren bizitza ematen die, eta, hala, baliabideen kontsumoa eta ingurumen-inpaktua murrizten laguntzen du.

Basque Industrial Hub (BIH4C) sareko kide ere bada Calcinor; enpresen arteko lankidetza-sarea da hori, eta baliabideen erabileran efizientzia hobetzea eta energia berriztagarrien erabilera sustatzea du xede. Ingurune horretan, hidrogenoa industrian aplikatzeko hainbat modu aztertzen dira, hidrogenoa lasterrago erabil dadin eta industria-sektorea lehiakorragoa izan dadin.

Jasangarritasunaren eta berrikuntzaren alde egindako apustuari esker, Calcinor energia-erronka berrietara egokitzen da eta aktiboki laguntzen du industriaren eraldaketan. H2Bidean parte hartzen duenez, esan daiteke konpromiso sendoa duela energia-trantsizioarekin, deskarbonizazioarekin eta ekoizpen-prozesuen etengabeko hobekuntzarekin.

www.calcinor.com

Comercial de Aplicaciones Electrónicas SL (CAE SL) 1990eko otsailean erregistratu zen sozietateen lege berriarekin, eta, hala, gas-instalazioetarako segurtasun-sistemak diseinatu, fabrikatu, merkaturatu eta konpontzeko jarduerarekin jarraitu zuen —1984tik zebilen horretan FIDEGAS® markarekin—.

40 urte baino gehiagoko espezializazioarekin eta sektorean erreferente gisa finkatuta, Donostiako fabrikatik erantzuten die gas erregaiak eta toxikoak detektatzearen arloko behar guztiei, bai estatuko merkatuan, bai Europakoan eta nazioartekoan —presentzia finkatua du Latinoamerikako merkatuetan, banatzaileen bitartez—; horrela, hurbileko in situ zerbitzu profesionala bermatzen du.

Diseinu eta garapenetan eskarmentu handia duen I+G+b sail propioa du, baita laborategia ere, esparruko puntako ekipamenduarekin.

Bere gaitasunen artean, hauek nabarmentzen dira:

  • Kamera klimatikoa; sentsoreak muturreko inguruneetan azter daitezke bertan
  • Bateragarritasun elektromagnetikoan (CEM) eragindako immunitate-saiakuntzetarako seinale-sorgailua.
  • Kamera erdianekoikoa, anplifikadorea eta antena erradiatutako CEM immunitate-saiakuntzetarako.
  • Prototipoetarako zirkuitu inprimatuak fabrikatzeko sistema.
  • Neurtzeko tresnak, hala nola osziloskopioak eta doitasun-polimetroak.
  • Datuak eskuratzeko sistema informatizatuak.
  • ENAC trazabilitatedun manometro eta errotametro kalibratuak.
  • Gasak nahasteko eta gas-patroiak lortzeko masa-kontrolagailuak.
  • Gas-patroiak lortzeko gas-botila ziurtatuen aukera zabala.
  • Gas toxikoak eta leherkorrak manipulatzeko gasak xurgatzeko kabina.

Hazitek proiektuei dagokienez, CAE SL – FIDEGAS® enpresak hainbat proiektu garrantzitsutan hartu du parte 2016az geroztik, eta, horri esker, EAEn punta-puntako enpresa gisa finkatzeko aukera eman dioten irtenbide berritzaileak garatu ditu.

Gure produktu-ziurtagiriak Europako EN araudian eta nazioarteko IEC araudian oinarritzen dira. Horrela, gure fabrikatuen fidagarritasuna bermatzen dugu, pertsonen, instalazioen eta ingurumenaren segurtasunaren alde eginda.

www.fidegas.com

ZTBESko entitateak

Tecnalia Research & Innovation Fundazioa ikerketa aplikatuko lehen zentro pribatua da Espainian, eta bosgarrena Europan.

Gure gizarteak epe ertain eta luzean dituen erronkekin dute zerikusia TECNALIAren epe labur eta ertaineko jarduerek. Helburua erronka horiek ikerketa aplikatuaren bidez gainditzea da, negozio-aukerak garatuta. Erronka eta aukera horiek alderdi hauekin daude lotuta: klima-aldaketa, hirien etorkizuna, karbono gutxiko energia, zahartzea, etorkizuneko industria eta fabrika, mundu digitala eta hiperkonektatua, garraio jasangarria eta, azken batean, gure gizartearen garapen ekonomiko eta sozialarekin eta pertsonen bizi-kalitatearen hobekuntzarekin zerikusia duen guztia.

Hidrogenoaren esparruan, TECNALIAn, eta, bereziki, Energia eta Ingurumen Dibisioan, ikerketa- eta garapen-lan handia egin da hidrogenoaren eta erregai-pilen arloan. Hala bada, gaur egun, Tecnalia eremu horretako erreferenteetako bat da estatuan, bereziki materialetan, horiek hidrogenoarekin duten bateragarritasunean eta hidrogenoa bereizteko/ekoizteko irtenbide berrietan.

2002an jardunean hasi zenetik, arlo horretako ikerketa-proiektu askotan hartu dute parte Tecnaliako taldeek, bai estatuan, bai nazioartean. Tecnaliak Europako 15 proiektu baino gehiagotan hartu du parte (7. esparru-programa eta H2020), eta horietako 8 koordinatu ditu. Horrek erakusten du zentroak zer-nolako inplikazio-maila duen hidrogenoaren eta erregai-pilen teknologietan.

Hainbat eremutan egin dira proiektuak: hidrogenoarekin kontaktuan dauden materialak (hidrogeno bidezko fragilizazioa), H2 bereizteko/arazteko irtenbideak, elektrolizagailuak, erregai-pilak (PEMFC eta SOFC) eta horien integrazioa, biltegiratzea eta abar.

Azken urteotan, Tecnaliak aktiboki hartu du parte hidrogenoaren esparruko elkarte garrantzitsuenetan, bai estatuan, bai nazioartean; gaur egun, Hydrogen Europe Research, HYSAFE eta Hidrogenoaren Espainiako Elkarteko batzorde exekutiboetako kide da. Modu berean, EERA – JP Fuel Cells and Hydrogen, European Clean Hydrogen Alliance (ECHA) eta Hidrogenoaren eta Erregai-pilen Espainiako Plataforma Teknologikoko (PTE-HPC) kide da.

EAEn, Hidrogenoaren Teknologien Lantaldeko kide da, sortu zenetik, eta, gainera, Hidrogenoaren Roadmap Teknologikoa definitu du, EAEko beste eragile batzuekin batera. Orain Hidrogenoaren Foro Sektorialeko kide ere bada.

Egun, Tecnaliak koordinatzen du Hidrogenoaren Industriaren Espainiako Agenda Sektoriala, Hidrogenoaren Zentro Nazionalarekin eta Ariemarekin batera. Agenda sektorialaren buru Hidrogenoaren Espainiako Elkartea da.

Azkenik, azpimarratu behar da TECNALIAk Hydrogen Technologies sail berritzailea duela; hidrogeno-jarduera guztiak koordinatzen ditu erakundean, eta sektorerako irtenbide teknologikoak garatzen ditu. Gure abangoardiako laborategia, 2024ko otsailean inauguratua, aitzindaria da Europan, eta hidrogeno-teknologiak ikertzeko, baliozkotzeko eta eskalatzeko azken belaunaldiko instalazioak ditu.

www.tecnalia.com

ABCTech abangoardiako zentro teknologikoa da, konpresoreei aplikatutako teknologien garapenean, berrikuntzan eta optimizazioan espezializatua. Energia-efizientzia, jasangarritasuna eta errendimendu industriala sustatzea du helburu, ingeniaritzako, ikerketa aplikatuko eta transferentzia teknologikoko irtenbide aurreratuen bidez. ABCTech enpresak lankidetza estuan dihardu sektoreko enpresekin, unibertsitateekin eta ikerketa-zentroekin, konpresio-sistemen diseinu, simulazio, proba, mantentze prediktibo eta digitalizazioko zerbitzuak eskaintzeko. Konpresoreen teknologiaren esparruan erreferentea da, estatuan eta nazioartean.

abc-techgroup.com

1974tik, IKERLAN zentro teknologikoa liderra da industriari balio lehiakorra ematen. Irtenbide integralak eskaintzen ditu, arlo teknologikoak hiru espezializazio-unitate handitan konbinatuta: 1) teknologia digitalak eta adimen artifiziala, 2) sistema elektroniko txertatuak eta zibersegurtasuna, eta 3) teknologia mekatronikoak eta energiaren arlokoak. Gaur egun, IKERLANek 400 pertsonatik gorako lantaldea du, eta egoitzak Arrasaten, Donostialdean eta Bilbon. MONDRAGON Korporazioko eta Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide den aldetik, IKERLAN kooperatibak enpresa-eredu jasangarria eta lehiakorra du, etengabe eraldatzen dena.

Energia eta Mekatronika Unitatea diziplina anitzeko talde batek osatzen du, eta esperientzia zabala eta egiaztatua du. Horri esker, H2BIDEA proiektuaren funtsezko erronkei heldu ahal die. Espezializazio-lerroa du % 100ean H2 darabilten errekuntza-sistemetan, errekuntza-sistemak optimizatzeko, esperimentu-mailan (% 100ean H2 erabiltzeko laborategian) zein zenbaki-mailan. Ildo horrek, prozesuen modelatze eta analisi energetikoaren esparruan metatutako aurretiazko esperientziarekin batera, posizionamendu sendoa ematen dio IKERLANi, etxeko eta industriako prozesuetan hidrogenoa gas naturalaren ordezko gisa txertatzeari dagokionez.

www.ikerlan.es